Nor gara

Ezagutuz maitatu, maitatuz babestu

Naturan Hezten, natur aberastasunaren zaintzarako kultura zabaltzeko tresna bat da.

Arazo egoerak Euskal Herriko edozein eskolatan egin ahal izateko pentsatuak izan dira.

Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edo Lanbide Heziketa arteko haur eta gazteei eta haien irakasleei zuzendurik dago, eta gure inguruneko naturaren hezkuntzan sakontzeko helburuz sorturiko proiektua da. Webgune honetan, hainbat arlotako arazo egoerak aurkituko dituzu, natur zientziak, gizarte zientziak, gorputz hezkuntza, euskara, biologia, geologia eta beste hainbat.

Naturan hezten, “Aralar – Mundua leku den lurra” dokumentaletik sortu den proiektua da, baina horrek ez du esan nahi soilik Aralar inguruko ikasle eta irakasleentzako tresna bat denik. Naturan hezten proiektuak proposatzen dituen arazo egoera guztiak Euskal Herriko edozein txokotako eskoletan egin ahal izateko pentsatuak izan dira, gure lurraldeko hainbat txokotan antzeko paisaiak edota problematikak baititugu.

Landarlan Ingurumen Elkartea

Landarlan herritar ezberdinez osaturiko elkartea izanik (baserritar, ekonomialari, erretiratu, idazkari, ingeniari, ingurumen hezitzaile, industria langile, irakasle, unibertsitate ikasle…), gure ezagupenek eta gure pasioek bat egiten dute ingurumenaren aldeko zaintza eta babeste lanetan.

Landarlan Ingurumen Elkartea 2003an Goierrin sortu zen ingurumen elkarte bat da. Gure elkartearen helburuak honako hauek dira:

  • Herritarren ingurumen gaiekiko kontzientziazio maila suspertu eta biztanleria ingurumen gaietan heziz oinarrizko irizpideak eskaintzea.
  • Egoki ikusten den heinean ingurumen gaietan aldarrikapen ahotsa izatea.
  • Taldekideen formakuntza garatzen saiatzea.
  • Eskualdean martxan jarriko diren jasangarritasunaren aldeko ekimenetan parte hartzea.

Elkartean, besteak beste, ingurumena ezagutzeko mendi irteerak, hitzaldiak mahai inguruak eta formakuntza saioak antolatzen ditugu. Azken urteetan, gainera. “Aralar – Mundua leku den lurra” pelikularen zuzendaritza lanetan eta haur zein helduentzako literatur liburuen proiektuetan murgildu gara.

Webgune honek cookie-ak eta antzeko teknologiak erabiltzen ditu. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu.    Gehiago